Basque Research Euskal Herrian egiten den ikerketaren web gunea da. Gune horretan, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren inguruko albisteak, agenda, elkarrizketak, kontakturako informazioa, I+G+B direktorioa eta abar aurkituko dituzu. Hain zuzen ere, informazio hori eskainiz, ikertzaileen eta gizartearen arteko zubi-lana egin nahi du Basque Research-ek.
Basque Research Eusko Jaurlaritzaren 2001-2004ko Zientzia eta Teknologia Planaren laguntzaz jaiotako ekimena da. Plan horretan, zientzia eta teknologiaren zabalpena helburu estrategikotzat hartzen da. Hain zuzen ere, helburu horrekin sortu zuen proiektu hau Elhuyar Fundazioak. Kontuan izan behar da Elhuyar Fundazioa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (SARETEK) berrikuntzaren arloko erakunde bitartekaria dela.
Basque Research-ek Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Elhuyar 1972an jaio zen, zientzia eta euskara uztartzeko asmoarekin. Hasierako amets hartatik, ia 35 urte bete dituen Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkaria jaio zen, zientzia eta teknologiari buruzko informazio eguneratua modu erakargarri eta samurrean bildu nahi duen hilabetekaria.
2002an, Elhuyar Kultur Elkartea Elhuyar Fundazio bihurtu zen. Pauso hori eman aurretik, ordea, Elhuyar Fundazioaren jarduna nabarmen areagotu zen, eta gaur egun hainbat lan-esparru ditugu:
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazu gure web gunera, www.elhuyar.org
2003ko martxotik, Elhuyar Fundazioa Euskal Herriaren ordezkaria da Alphagalileo web gunean. Alphagalileo Europako ikerketaren berri ematen duen web gune bat da, eta ordezkaritza hori Basque Research-en bitartez lortu du. Hain zuzen ere, Europako ikerketa sustatu nahi du Alphagalileok, hala, Estatu Batuetatik etortzen diren ikerketa-berrien nagusitasuna orekatzeko. Proiektua Ingalaterrako British Association elkarteak gidatzen du, eta, gaur egun, Europako herrialde askotako partaideak ari dira beren herrialdeetako ordezkari-lanetan. Alphagalileoko partaideak dira: Suomen Akatemia ( Finlandia), L'Association francaise pour l'advancement des sciences (Frantzia), Jülich Forschungszentrum (Alemania), National Hellenic Foundation (Grezia), Observatorio das Ciencias e das Tecnologías (Portugal), Vetenskapsdradet (Suedia), Council for the Central Laboratory of Research Councils, The Arts and Humanities Research Board (Ingalaterra), European Science Foundation eta FECYT (Espainia).
Basque Research-en nazioarteko sarean hainbat web gune biltzen dira. Hain zuzen ere, nazioarteko web gune horiekin ditugun hitzarmenen bidez, web gune horietan ere argitaratzen ditugu Basque Research-en biltzen diren berriak. Hala, euskal I+G+B mundu osoan zabaltzen dugu.
Nazioarteko web gune horien helburua ikerketa ezagutaraztea da; zientzia-dibulgazioa egiten dute. Sare horretan daude, hain zuzen ere, aurrez aipatutako Alphagalileo web gunea, Eurekalert! (Science zientzia-aldizkari ospetsua argitaratzen duen AAAS erakundearen ikerketa-berrien web gunea), Cordis Wire (ikerketaren eta garapenaren gaineko Europako Batzordeko zerbitzua), innovations-report (zientziari, industriari eta ekonomiari buruzko topalekua, Alemaniako web gunea), Madri+d (jakintzaren transferentziarako Espainiako web gunea), eta Tecnociencia.org (zientziari eta teknologiari buruzko doako egunkaria).
Ikerbasque (Basque Foundation for science) Eusko Jaurlaritzak sortutako fundazio bat da. Haren helburua da atzerrian dauden euskal ikertzaileei informazioa eta laguntza ematea, beren ikerketa-ibilbidea Euskal Herrian egin dezaten. Hain zuzen ere, Ikerbasque Fundazioak Basque Research-ekin duen hitzarmenaren bidez, Basque Research-en berriak Ikerbasque web gunean argitaratzen dira, zientzialari horiei egungo euskal I+G+Bren irudia eskaintzeko.
Basque Research-ek Euskal Herrian egiten den ikerketaren eta garapenaren isla izan nahi du. Horregatik, enpresetan, ikerketa-zentroetan eta unibertsitatean egiten den ikerketaren lekuko izateko, berriemailearen irudia sortu dugu. Berriemaileak unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresetako ikertzaileak izan daitezke, prentsa-arduradunak, kudeatzaileak... betiere Euskal Herrikoak. Berriemaileak Basque Research-en bere berriak eta ekitaldiak txertatzeko aukera izango du; eduki horiek onartzen badira, noski.
Berriemaile izateko, nahikoa da web gunean dagoen erregistro-formularioa betetzea. Erregistroa betetzen dutenek, web gunean edukiak sartzeko aukera izateaz gainera, Basque Research-en buletina jasoko dute astero. Gainera, hilean behin, web gunearen estatistiken mezua jasoko dute.
Basque Research-eko kazetari izateko, kazetari profesionala izan behar da, edozein komunikabidetakoa. Erregistratutako kazetari horiek astero jaso dezakete Basque Research-eko berrien eta ekitaldien informazioa Basque Research-en buletinaren bidez, eta, hilero, web gunearen estatistiken berri ere jasoko dute.
Basque Research-eko kazetari izateko nahikoa da web gunean agertzen den erregistro-formularioa betetzea. Formularioan eskatzen diren datuak jasotakoan, beharrezkoa denetan, erakundearekin kontaktuan jarriko gara, kazetari horien atzean benetako profesionalak daudela ziurtatzeko. Euskal Herriko nahiz kanpoko kazetariak gustura hartuko ditugu.
Berriemailea edo kazetaria ez den edonor izan daiteke bisitaria, hau da; ikertzaileak, kudeatzaileak, enpresariak, norbanakoak.... Basque Research-en agertzen den informazioa interesatzen zaion edonor izan daiteke bisitaria eta, hain zuzen ere, asteko berrien eta ekitaldien laburpena jasotzeko egiten dute erregistroa.
Berria ikerketaren muina azaltzen duen artikulua da. Berri guztiek oinarrizko galdera hauei erantzun behar diete: Zein da berriaren muina? Nork egin du ikerketa? Non egin da ikerketa? Zergatik da interesgarria?
Saiatu zure berria ulerterraza egiten, eta puntu garrantzitsuenetik abiatu. Garrantzitsuagoa da berria ongi sintetizatua egotea zehaztasun zientifikoetan gehiegi murgiltzea baino.
Berritzat onartuko dira:
Ez dira onartuko:
Berria idazteko, Basque Research web guneko formularioa osatu behar da, Berria sartu aukeran. Formulario horretan, nahitaezko zenbait atal aurkituko dituzu; horiek osaturik ez badaude, ez da onartuko berria.
Berria onartua dagoenean aldaketaren bat egiteko, Berria aldatu aukeran sartu behar da. Gogoratu zure berria bidaltzeko eta aldatzeko berriemaile erregistratua izan behar duzula.
Berriaren deskribapen zehatza egingo duen esaldia da. Ikerketaren informaziorik ez badu, ez da deigarria izango, eta kazetariek ez dute plazaratuko.
Testu nagusiak zehatza izan behar du, eta hizkuntza teknikoaren akronimoak saihestu behar ditu. Akronimoren baten erabilera ezinbestekoa denean, azalpen labur bat eman behar da ondoren. Esaldi bakoitzeko ideia bat azaldu, eta garrantzitsuena hasieran jarri, xehetasunak azkenerako utzita.
Ziurta ezazu laburpenak zure berria jasotzen duela, eta azaldu zergatik den garrantzitsua berri hori. Testua erraz ulertzeko moduan laburtu; hala, jendearen arreta zureganatuko duzu. Laburpena da kazetari askok asteroko buletinean jasoko duten bakarra, eta horrek bideratu behar ditu zure berrira.
Oharretan, beharrezko jotzen den edozein datu jar daiteke, hala nola zientzialarien datuak edo gaiarekin erlazioa duen aurreko ikerketaren baten erreferentzia.
Datu horien artean Interneteko helbidea ere jar daiteke, datu gehiago nahi dituenarentzat. Interneteko helbidea ikerketa gauzatu den erakundearen orri nagusia edo informazio osagarria eskuratzeko lotura izan daiteke.
Berriaren gaia edo zientziako atala azaltzen du, zehazteko balio du.
Berriarekin batera, informazio osagarria bidaltzeko aukera duzu (argazkiak, bideoak, audio-artxiboak, dokumentuak). Informazio osagarri hori oso baliagarria izango da, bai kazetarientzat eta bai beste ikertzaileentzat. Hala, zure berriak oihartzun handiagoa izatea lortuko duzu.
Zure berria hiru hizkuntzatan agertuko da: euskara, gaztelania eta ingelesa. Itzulpenak egin artean berria ez da kaleratuko, hau da, guk jaso eta bi egun pasatu arte gutxienez.
Berriak ez dira automatikoki kaleratuko. Lehenik, edukiak egokiak direla eta Basque Research-eko irizpideak betetzen dituztela ziurtatuko da.
Berriarekin batera, berriemailearen datuak bistaratuko dira. Datu horiek kazetarientzat eta gainerako berriemaileentzat harremanetarako pertsona zehazteko balio dute. Pertsona horrek prest egon behar du edozein zalantzaren aurrean erantzuteko. Kontuan izan behar da Basque Research-en erregistratutako kazetarien % 90 atzerritarrak direla, eta oso ohikoa dela haiengandik berrien inguruko informazio-eskaerak jasotzea.
Basque Research-en argitaratutako ikerketa baten gainean zure iritzia bidali nahi baduzu, jo ezazu Zure iruzkinak bidali aukerara, irakurtzen ari zaren albistean edo berrian bertan. Zure parte-hartzea garrantzitsua da guretzat, eta, horregatik, Basque Research-en argitaratzen ditugun berrien inguruan zure iritziak, kritikak edo iruzkinak bidaltzeko aukera izango duzu hemendik aurrera. Iruzkin horiek ez dira itzuliko, zuk bidalitako hizkuntzan argitaratuko ditugu. Iruzkin horiek lagungarri izan daitezke ikerketa egin duenarentzat, baita kazetarientzat eta beste erabiltzaileentzat ere.
Basque Research web guneko ekitaldiek ikerketa, berrikuntza eta garapenarekin erlazionatuta egon behar dute. Kasu honetan, ordea, Euskal Herritik kanpo egindako ekitaldiak ere onartuko dira, betiere ikusten badugu zientzia eta teknologiarekin lotuta daudela.
Izenburuan, ekitaldiaren izen ofizialak agertu behar du. Luzeegia bada, laburtu egin daiteke. Izenburua hizkuntza batean baino gehiagotan baldin badago, horietako edozeinetan eman daiteke.
Ekitaldiaren deskribapena azalpena da, baina paragrafo bakarrekoa izan behar du. Paragrafo horretan, ekitaldiaren xedea eta deialdiaren nondik-norakoak azaldu behar dira, baita nori zuzendua dagoen ere. Inskripzio-kuotarik dagoen edo ez ere adierazi behar da, eta baita izen-ematea nola egin behar den ere.
Ekitaldiaren programa eta bestelako datuak informazio osagarrian argitaratuko dira. Bestelako informaziorako, ekitaldiak izango duen Interneteko estekara jo beharko dute erabiltzaileek.
Harremanetarako pertsona baten datuak behar dira ekitaldi guztietan. Izen-abizenez gainera, telefonoa eta helbide elektronikoa zehaztu behar dira, gutxienez. Edozein zalantza izanez gero, edo izen-ematea egin nahi izanez gero, pertsona hori izango da harremanetarako kontaktua.
Ekitaldia non eta noiz egingo den garbi azaldu behar da. Horretarako, egoitzaren helbide osoa eman daiteke, edo ekitaldia egingo den aretoaren izena eta hiria zehaztu: adibidez, Euskalduna Jauregia, Bilbo. Gogoratu herriaren izena beti jarri behar dela. Zein egunetan hasi eta bukatzen den ere jarri behar da, formularioan dagokion tokian datak aukeratuz.
Bisita-kopuruen atalean, zuk bidalitako berriek eta ekitaldiek zenbat bisita izan dituzten jakiteko aukera izango duzu. Gogoratu horretarako erabiltzaile-izena eta pasahitza sartu beharko dituzula goiburuan, hau da, berriemailea zarela ziurtatu behar duzu.
Basque Research-eko berriak eta ekitaldiak posta bidez jasotzeko, erabiltzaile erregistratua izan behar duzu. Horretarako, berriemaileari, kazetariari edo bisitariari dagokion erregistroa bete behar duzu.
Elkarrizketen atalean, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratzen diren elkarrizketak irakurtzeko aukera izango duzu. Horrez gainera, zuretzat interesgarria izan daitekeen elkarrizketaren bat proposatzeko bidea zabaldu dugu; zer ikertzaileri eta zergatik gustatuko litzaizukeen elkarrizketa egitea azaldu behar duzu.
Basque Research-en Tesi Saria 2003an sortu zen, unibertsitateetan egiten diren doktore-tesiak ezagutarazteko. Harrezkero, doktore-tesia amaitu berri duten hainbat ikertzaileren dibulgazio-lanak aurkeztu dira sarietara urtero, eta handik gizarteratzeko bidea egiten dute. Deialdiaren bidez, ikertzaile horien lanak saritu eta bai Euskal Herrian bai atzerrian zabaltzeko bidea ematen da.
I+G+B direktorioa ikerketa, garapena eta berrikuntzari buruzko euskal enpresen, ikerketa-zentroen eta unibertsitateko sailen direktorioa da. Direktorio horretan, ikerketa-taldeen berri aurkituko duzu, eta haiek dituzten ikerketa-lerroen informazioa eskuratuko duzu.
Bilaketa aurreratuaren bidez, aurkitu nahi duzun erakundearen, ikerketa-lerroaren edo ikertzaile arduradunaren informazioa topatu ahalko duzu direktorioko fitxen artean.
Enpresa, unibertsitate edo zentro teknologiko batekin harremanetan jartzeko pertsona baten bila bazabiltza, kontaktuen liburuan aurkituko dituzu gure berriemaileak. Liburu horretan, prentsa-arduradunak, komunikazio- eta marketin-sailetako kideak, ikertzaileak eta sail-arduradunak daude, besteak beste.
Babesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa