
Echeazarrak saharar kanpamentuetako osasun-sistema ezagutu du, eta “medikuntza berdearen” berri izan du horri esker.
Leire Echeazarra UPV/EHUko Farmazia Fakultateko ikertzaileak denbora dezente zeraman saharar herriarekin elkarlanean aritzeko ideia buruan. Azkenean, iazko apirilean, hamar egun igaro zituen haima artean, “saharar herriaren egoera sozio-politikoa ezagutzeko, eta, ahal zen neurrian, nire espezialitate-alorrean laguntzeko. Gero, ohartzen zara han egotea eta haiek bisitatze hutsa babes handia dela beraientzat; hala ez dute sentitzen ahaztutako herri bat direnik”. Medikuntza eta farmakologiarekiko duen bokazioaren ondorioz, interes handia agertu zuen saharar kanpamentuetako osasun-sistema ezagutzeko, eta hala haien medikuntza tradizionalaren berri izan zuen, “medikuntza berdea” deritzona. Hori dela eta, handik itzuli zenean, saharar herriak erabiltzen dituen sendabelarrak ikertzen jarraitu du, eta Mendebaldeko Sahararekin elkarlanean aritzeko loturak ezartzen saiatu da. Horretarako, errefuxiatuen kulturaren eta errealitatearen berri ematen ahalegintzen da.
Afalayit, Ascaf, Eizen… Landare horien izenak nahiko ezezagunak dira gehienontzat, baina ez farmakologian, Echeazarrak dioenez. Sahararrek hamaika aplikazio aurkitu dizkiete: asmarekin hasi eta azaleko gaitzetara, baita haginetako minarentzat ere. Ez dago gidalibururik Saharako medikuntza berdeari buruz, baina ikertzaileak garbi du haiek adituak izan badirela, “beren irizpideen arabera”. Azaldu duenez, “modu jakin batzuk dituzte erremedioak prestatzeko: plastetan, gamelu-esnearekin, teak lagunduta… Eta baita hostoak lehortu, ebaki eta kontserbatzeko era zehatzak ere”.
Zehaztasun falta dago aplikazioetan, ordea: “Interesgarria litzateke sendabelarretan gehiago sakontzea eta jendea —sahararrak— trebatzea, horiek hobeto eta gehiago ezagututa erabil ditzaten. Bertan izaten duten arazo bat da intoxikazioak dituztela batzuetan, ez dutelako dosia kontrolatzen edo okerreko beste landareak erabiltzen dituztelako, eta horiek toxikoak izaten direlako zenbaitetan”. Era horretako trebakuntzari dagokionez, erakunde boluntarioen sostengua beti da baliagarria, baina Echeazarrak gogorarazi du medikuntza berdea bezalako altxorrei eusten laguntzeko adeitasunez jokatu behar dela haien tradizioekiko, eta “ez zapalduz”.
Medikuntza berdea mendebaldeko medikuntzarekin batera erabiltzen da saharar kanpamentuetan. Echeazarrak egiaztatu zuenez, daira edo herri bakoitzak anbulatorio bat dauka ez elektrizitaterik ez iturriko urik ez izan arren, eta dendaz dendako zerbitzua eskaintzen da maiztasun handi samarraz.
Ospitale nagusia bisitatzeko aukera ere izan zuen, Rabunin, hiriburu administratiboan. “Han badago elektrizitatea eta iturriko ura, eta egoera pixka bat hobea da, baina hala ere, ospitalea une batetik bestera eroriko dela ematen du; oso eskasa da. Dena dela, harrigarria da basamortuaren erdian erietxe bat eraiki izana, eta egin duten moduan aurrera atera izana”, azaldu du. Horri sendagaiak ekoizteko laborategia gehitu behar zaio. Echeazarrak dioenez, “nahiko ondo dabil. Kataluniako Medicus Mundi lan handia egiten ari da langileak trebatzeari, kontrolari, eta lehengaiak emateari dagokionez. Alde horretatik, harritu egin ninduen oinarrizko sendagaiekin beren burua hornitzeko duten gaitasunak: analgesikoak, aspirina, ibuprofenoa, antibiotiko batzuk, pomadak…”.
Nazioarteko laguntza oinarrizkoa da saharar herriarentzat, baina Echeazarrak azpimarratu duenez, “zentzudunak izan behar dugu eta hori nola egin jakin, eraginkorra izan dadin. Ezin dugu sobera duguna bidali; bertan behar dutena eman behar diegu. Ez diegu, adibidez, kolesterolaren kontrako botikarik bidali behar, hori ez baita arazo bat han. Beste arazo batzuk badituzte, ordea. Hala nola ikusmenari lotutakoak, klimaren laztasunarengatik eta hondarrarengatik; eta elikadura eskasak eragindakoak”.
Adibidez, Echeazarraren esku-hartzeari esker, UPV/EHUko Farmazia Fakultateak katalogotik kanpo dauden laborategiko lupa batzuk bidali dituzte, eta hainbat erabilera emango zaizkie. Alde batetik, farmakologoarekin kanpamentuetara joan zen GKEak eraiki duen baratze batean ibiliko dituzte —bertan Raf tomateak ereiten dituzte hidroponiaren bitartez, hau da, lurrik gabe, urarekin soilik—, eta baita ondoan eraikitzen ari diren abeltzaintza-, nekazaritza- eta negozio-eskolan ere: “Lupek erabilera botanikoagoa izango dute han, eta landareak gaixotu ditzaketen parasitoak zeintzuk diren ikusteko baliatuko dituzte”. Beste alde batetik, ospitale nagusian ere izango dira UPV/EHUko lupak: “Hainbat analisi egiteko erabiliko dituzte”.
Egilea: Prentsa Bulegoa UPV/EHU
Itzuli orriaren hasierara| Argazkia | Elkarrizketatuaren informazioa | Elkarrizketaren informazioa |
|---|---|---|
![]() |
Pedro Miguel Etxenike DIPC zentroaren presidentea |
2010/07/01 Egilea: Guillermo Roa Zubia |
![]() |
Manuel Carreiras BCBL neurozientzietako zentro berriaren zuzendari zientifikoa |
2010/01/01 Egilea: Irati Kortabitarte Egiguren |
![]() |
Iker Castaños ABC GNU/Linux banatzailearen sortzailea |
2010/05/17 Egilea: Prentsa Bulegoa UPV/EHU |
![]() |
Inma Estévez Hegazti-ustiategietan aditua |
2010/04/15 Egilea: Irati Kortabitarte Egiguren |
![]() |
Xabier Basogain Olabe Telekomunikazio-ingeniaria |
2010/03/24 Egilea: Prentsa Bulegoa UPV/EHU |
Babesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa