2010/3/29
CIC microGUNE larruazaleko adabaki bat garatzen ari da, gidari profesionalek kokaina kontsumitu ote duten hautemateko. Gaur egungo teknikak ez bezala, gailu berria gai izango da besoan jarrita jasotzen duen izerdiaren bitartez droga detektatzeko. Horrek aukera emango du denbora errealean jakiteko kokaina kontsumitu ote den 24 ordu eta 10 egun arteko denbora-tartean (larruazaleko zelulak birsortu artean). Hortaz, tresna eraginkorra izango da autobus-gidariak, garraiolariak eta abar kontrolatzeko.
Zenbatespenen arabera, Europan, Estatu Batuetan eta Australian hildakoak eragiten dituzten trafiko-istripuen % 25ean, gutxi gorabehera, droga-kontsumoa dago tartean; beraz, gero eta gizarte-arazo handiagoa da. Hori dela eta, agintariek berehalako detekzio-sistemak nahi dituzte, baina gaur-gaurkoz ez dago horrelakorik merkatuan.
CIC microGUNEn garatzen ari diren adabakiak lab on a chip teknologia du; mikroteknologia horri esker, adabakiak laborategi baten osagai guztiak izango ditu, 3x20 milimetroko txip ñimiño batean bilduta. Izerdi-lagina lortutakoan, irakurgailu batek txipa analizatuko du, eta informazioa telefono adimendun batera bidaliko du denbora errealean. Telefonoak bi minutu besterik ez du beharko emaitza erakusteko. Emaitza positiboa bada, adabakiak berak bigarren lagin bat hartzeko gailu bat izango du, emaitza berresteko.
Hala, oso denbora-tarte txikian jakin ahal izango da pertsona batek kokaina kontsumitu duen hamar eguneko denbora-tartean. Kostu txikiko sistema horrek iraultza eragingo du oraingo tekniketan, gaur egun, bildutako laginak laborategian aztertzen baitira. Prozesu hori askoz garestiagoa da, eta, gainera, zenbait egun atzeratu dezake emaitza ezagutzea.
Labonfoil proiektu europarrean aurreikusten diren aplikazioetako bat da. Proiektu horren helburua da diagnostikoa azkar egiteko sistema merkeak garatzea askotariko egoeratara moldatzeko, eta, azken batean, pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten aurrerapenak eskaintzea gizarteari. Kokaina detektatzeko adabakiaz gainera, proiektuaren asmoa ere bada beste aplikazio batzuk garatzea, hala nola mikrogailu batzuk minbiziak jotako gaixoak monitorizatzeko, elikagaietan elementu patogenoak detektatzeko edo itsasoko algak aztertzeko ingurumen-kutsadura neurtzeko.
Zenbait diziplina, hala nola mikroteknologia eta biologia, konbinatu direlako eman dira aurrerapauso horiek. Horri esker, posible da biomolekula-gama handi bat detektatzea oso gailu txikietan, eta, horrenbestez, drogak, gaixotasunak, poluzioa eta abar identifikatzea.
Itzuli orriaren hasieraraImportante el desarrollo y, de ésta manera, no solo controlarles el consumo de cocaína a los conductores del servicio público, sino por igual, a nuestros hijos, políticos y policías.
Dios permita que se logre un desarrollo óptimo, para alertar de manera temprana, sobre un posible Cancer ó otro tipo de enfermedad grave.
Gracias.
Babesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa