2010/2/25
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika Saileko Optika Taldeak metodologia berri bat diseinatu du, neurketa instrumental objektibo baten bidez ardoen kolorea eta itxura sailkatzeko. Metodo horren emaitzak European food research and technology eta Color research and application aldizkari ospetsuetan argitaratu dituzte, eta Juan Vicente de Santiago Guijarro eta Javier Fernández de la Hoz Múgica Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek karrera-amaierako proiektuetan egindako lanari esker lortu dira.
Begoña Hernández Salueña irakasleak, Optika Taldekoa eta Kolorimetrian espezializatua denak, azaltzen duenez, metodoaren berritasuna izan da ardoaren kolorea neurtu ahal izatea espektrorradiometroa erabiliz. Tresna hori ardoaren aldera enfokatzen da, zuzenean, dastatzailearen begia balitz bezala. Gainera, berariazko euskarria egin da dastakoparentzat, dastatzaileak ardoa ikustean duen inklinazio bera gordeko duena. “Begien bidez ardoa beti era subjektiboan ikusten dugu —dio—; dastatzaileak kolore bat ikusi eta izen bat ematen dio, baina beste batek, agian, bestelako izena emango lioke”. Neurketa instrumental horiek, ordea, berdinak dira, edonork eginda ere; erabat objektiboak dira, eta aurresan ahal dugu dastatzaile aditu batek ardo hori sailkatzeko emango liokeen kolorearen kategoria”.
Juan Vicente de Santiago eta Javier Fernández de la Hoz Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoko eta nekazaritza eta elikagaigintza espezialitateko ikasleek, ikasketen amaierako proiektuak egiteko, metodologia berri hori erabili zuten 35 ardo beltzekin, 37 zurirekin eta 32 gorrirekin.
Espektrorradiometroaren bidez, argia bere uhin-luzeretan banatzen da, eta prozesatu egiten da kolore-koordenatuak zehazteko. Espektrorradiometroa erabiltzeko modu berritzaile horrek dastatzaile profesionalen behaketa subjektiboari lagunduko dio. Optika Taldeak erabilitako metodoarekin, “ardoaren kolorea neurtzen da (Nazioarteko Argiztatze Batzordearen sisteman ezarritako hiru kolore-koordenatuak ematen dira), eta, gainera, aurresan daiteke dastatzaileak gorri granatea, gerezi-, errubi- nahiz teila-kolorea edo bestelako izena emango liokeen; hori ezinezkoa da neurketa kubetetan egiten duen ohiko metodoarekin” dio Begoña Hernandezek.
Juan Vicente de Santiagok ardo zuriak eta gorriak analizatu zituen. Bere lanaren funtsa izan zen ardoen ezaugarriak parametrizatzea. Honela azaltzen du: “Ardo bat balioztatzea egilearen trebezian eta subjektibitatean oinarritzen dela jakinik, analisi hori objektiboago bihurtu nahi dugu, eta, horretarako, parametroak ematen dizkiogu ardoaren ezaugarri garrantzitsuenetako bati; alegia, koloreari. Neurketa-ekipoen eta berariazko metodoen bidez, ardoen koloreak sailkatzen ditugu, haiei buruzko ondorioak ateratzen ditugu, eta neurketa horien emaitzetarako hiztegi egokia ezartzen dugu”,
Bestalde, Javier Fernández de la Hozek ardo beltzak analizatu zituen. “Ikusi nahi genuen nolako harremana dagoen gizakiaren begiak duen pertzepzioaren eta laborategian ardoari aurkitutako kolorimetria-parametroen artean —dio—; euskarri objektibo bat nahi genuen, teknika esperimental frogatuetan oinarritua, kolorearen pertzepzio objektiboa edukitzeko eta dastatzaileak ezinbestean begiz egin behar duen balioespenaren eta neurri objektiboen arteko lotura ezartzeko”.
Azpimarratzen duenez, “azterlan honen alderdi iraultzailea da neurketak egiteko erabili den prozedura erabat berritzailea dela, dastatze ofizial batean enologoak egiten duenaren erreplika guztiz zehatza delako”. Hain zuzen ere, kolorearen balioak neurtu ziren, dastatzailearen begiak egingo lukeen distantzian. Dastakopa ofizialak erabili ziren, Bohemiako kristalezkoak (beruna, % 9), gehienezko gardentasuna izateko. Euskarri batean jarri ziren, 45º-ra, eta dastatze arrunt baten ingurumen-baldintza berberak ezarri ziren.
Analizatutako laginak hautatzean, asmoa zen Nafarroako jatorri-deitura duten ardoetatik aukera gehien hartzea; horietan sartzen dira laborantzako bost azpieskualdeetakoak, uzta eta mahats-mota ezberdinetakoak eta abar.
“Aparteko emaitzak lortu genituen —dio Javier Fernández de la Hozek, bukaera gisa— frogatu zelako bat datozela oso neurri handian enologoek dastatze-fitxa ofizialetan jarritako datu subjektiboak eta laborategian geroago ardo horiek eman zituzten emaitzak”.
Itzuli orriaren hasieraraMeasuring the color of wine with an objective manner is well known since a long time , either with a spectrophotometer or a colorimeter and it is a totally objective method .The classic DO420, 520 and 620 measures of the wines give the color of wine as seen with the eye (blue , green , red)
Babesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa